XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

VIII.6. ariketa

Gaur egun atmosferara igortzen diren gasen eta euri azidoen bidez, bizitzako hasieran bezalatsu izaki bizidunak garatzeko laguntzen ari al dira?

Aurreko 4. ikasgaian ikusi genuenez, 1924. urtean Oparin izeneko zientzilari errusiarrak biziaren jatorriari buruzko lehen teoria proposatu zuen. Bertan azaltzen zuenez, bizia atmosfera primitiboan berez sor zitekeen jatorriz biologikoa izan gabe, Eguzki-izpien eta deskarga elektrikoen eraginez eratutako molekula organikotik abiatuz.

Miller-ek 1953an bere saiakuntzen bidez Oparin-en teoriaren atal bat frogatzea lortu zuen (ikus 4. ikasgaia).

Hoyle-ren hipotesiaren arabera berriz, lehenengo molekula organikoak meteoritoen bidez Eguzki-sistematik etorritakoak izan ziren.

Aminoazido arraro edo ezezagunak zituzten meteoritoak Lurrean aurkitu zirenean, molekula organikoen sintesia Eguzki-sistemako beste puntaren batean gertatu izanaren aukera kontsideratzen hasi ziren. Asteroideak ehunka kilometro diametroko gorputzak dira; atmosferarik gabeak. Egoera horretan Oparin-en eredua ezin zaie aplikatu.

Hala ere, asteroide baten barneko zirrikitu-sistema hozten eta desgasifikatzen ari den aminoazidoa sintetizatzeko leku egokia izan daiteke. Horregatik, molekula organikoen sintesiaren hasiera asteroideetan gertatu zela pentsa dezakegu (agian desgasifikatze-prozesuan ari ziren beste gorputz askotan ere bai) eta sintesi hori izaki bizidunak garatu aurretik geldituko zen. Bestela, benetan egoera egokia denbora luzez (2.000 m. u.z) mantenduta zorizko konbinazio eta permutazioen bidez biziaren oinarrizko propietateak (energia mantentzeko ahalmena, erreakzio kimikoak katalizatzeko ahalmena eta autorreplikatzeko ahalmena) lituzkeen izakia gara zitekeen.

Gaur egun oraindik ez dago argi bizi-funtzioak burutzeko behar ziren autorreplikazio-ahalmena eta gainerako erreakzio kimikoak burutzeko gaitasuna zuten lehen molekula organikoak zeintzuk izan zitezkeen. Oparin eta beste ikertzaile batzuen iritziz, proteinak izan ziren lehen molekula bizidunak. 1983. urtean Cech eta Altman-ek (Nobel saria 1989an irabazitakoak) ikusi zutenez, zenbait ARN-k entzimak bezala jokatzen zuen. Ondorioz, ARN-ak biziaren lehen molekula izateko probabilitateak handiak ziren. Geroxeago, ARN horiek ADN molekulek ordezkatu zituzten.

Biziaren sorrerari buruzko eredu klasikoak gero eta eztabaidatuagoak dira. Azken urteotan buruturiko ikerkuntzen arabera, Lurraren hasierako atmosfera ez omen zen Miller-ek pentsatu bezain erreduzitzailea. Beraz, galdera honako hau izango litzateke: non gertatu ziren Miller-ek laborategian eratu zituen molekula organikoak bezalakoak eratzeko behar diren erreakzio kimikoak? Erantzuna honakoa izan daiteke: itsaspeko sumendien ahoan. Sumendiek botatako gasetatik NH3, eta CH4tik) abiatuko zen, eta ez atmosterako gasetatik, edo agian jatorria are eta urrutiago egongo zen. Horrela, hasierako salda egon ez arren, sintesia egin ahal izango zen.